Zaintza plazara!!!

Aurrera doa Iturola sorgunetik abiatu dugun agenda kulturala. Azaroan, ekonomia feminista formazio saioa eta  bertako kontzeptuak lurreratzeko asmoarekin Zaintza Plazara tailerra egin dugu. Abiapuntua: INTERDEPENDENTZIA DA. Hau da, pertsona orok besteon eta naturaren beharra dugu momentu oro. Zainduak eta zaintzaileak gara, neurri batean ala bestean.

Kontua da, jendarte honetan errealitate horretatik kanpo bizi garela sinestarazten zaigula. Zaintzak ez du inolako prestijiorik, ez da behar bezala baloratzen. Politikoki, ekonomikoki, sozialki…zaintza norberari egokitzen zaion zerbaiten moduan aurkezten digute.

Ekonomia feministak lau zaintza mota azaltzen ditu: publikoa-estatua, familia, merkatua, eta sare kolektiboak. Horietako bakoitzari buruz asko esan daiteke, ugari dugu hausnartzeko eta birpentsatzeko.

Nabarmena da, zaintza lan gehien gehinak emakumeak egin dituztela. Egun ere hala da, maila pertsonal eta profesionalean ere. Ezinbestekoa da azpimarratzea gehien zaintzen duten emakumeak egoera zaurgarrian daudela eta egoera zaurgarrienean dauden emakumeak zaintzen dutela. Honen adibide garbiena interna moduan lan egiten duten emakume etorkinen errealitatea da. Lan eta bizi baldintza oso eskaxetan aritzea legeztatua dago. Nahikoa da! Lan hauek ondo banatuz gero guztiok dugu asko irabazteko.

Tailerrean guzti hau berpentsatzeko abiapuntua jarri dugu. Horretarako hainbat gonbidatuen testigantzak izan ditugu, lagunartean, kulturartean eta merkatutik kanpo hainbat zaintza esperientzia ezagutu nahi ditugu. Gehienak gizon zaintzaileak izan dira, pertsonalki zein kolektiboki zaintzari heldu diotenak. Jarraian, taldetxotan jarrita gure inguruan zein komunitatean zaintzeko ideia mordoa atera ditugu. Eta ziur gaude gure inguruan dagoeneko nabaritzen ari dela eta gure desioa da gure lurraldeko txoko eta esparru ezberdinetan eragitea da.

Abiapuntua besterik ez da izan, eta orain denen esku daude aurrerantzean emango ditugun urratsak.

Martxoaren 8an ere zaintzak izango ditugu erdigunean eta bakoitzak zertxobait emanda guztiontzat izango da aberasgarri eta onuragarri.

Iturolako komunitateak ere emango dizkio bueltak eta izango duzue gure berri. Interesa duzuen orori animatzen zaituztegu gurekin harremanetan jartzeko. Bidezkoa delako, merezi duelako, interdependienteak garelako.

 

 

 

Start typing and press Enter to search

Iturolan Euskara Ari Du