Hari berriekin josten eta sortzen

Hari berriekin josten eta sortzen

2018/09/24. Aran Erasun Urtzelaieta

Margolariak, diseinatzaileak, jostunak, idazleak, bertsolariak, ilustratzaileak, eskultoreak… Denok gara sortzaile, baina batzuek sormena bizitzaren ardatzean jarri eta lana bilakatzeko apustua egin dute. Eta bizitza eta lana elkarlotuta ulertzen dugunon arteko solasaldi sortzailea izan dugu Iturola Elkarlan Sorgunean, udazken honetako Agenda Kulturalari hasiera emateko.


Ederra, Iturolako ekintzaileontzat, gure espazioa (lekua eta harremana) konpartitzea Ainara Azpiazu Axpirekin, Gotzon Huegunekin, Nagore Legarretarekin, Xabi Ormazabalekin, Andoni Mateosekin, Maddi Zumalaberekin, Goretti Aranbururekin, Nerea Irazabal, Ane Labaka eta Mariñe Arbeorekin (Txakur Gorria)… eta gure solasaldi sortzailera hurbildu diren guztiekin.

Beharrei erantzutea omen da ekonomia. Eta horri heldu diogu, hain zuzen ere, solasaldian. Ze behar, ze zailtasun nagusitzen dira sormen egitasmoak abian jartzeko garaian? Bakardadea eta honekin loturiko emozionalitateak, testuinguru sozioekonomikoaren baldintzapena (desertua), konfiantza falta, bideragarritasun eta bizigarritasuna…

Baina ekintzailetza prozesuetan lagungarriak direnak ere izan ditugu hizpide, besteak beste elkarlana, komunikazio eta saretze esparru berriak, grina, konfiantza, aitzindariak… Barrura eta kanpora begira, indargune eta aukerak biltzen.

Horiek guztiek elkarlanerako eremuak marraztu dizkigute, harremana eta sarea bera izaki “gauzak beste modu batera” egiteko bidea. Run-run jarri ditugu gogoak, zailtasunei elkarrekin nola heldu eta bakoitzaren indarguneak nola elkarbanatu eta aukera berriak sortzeko bideak.

Geure ezagutzak eta denbora bestelako egitasmo sozioekonomikoak sortzeko bide horretan, tertuliarako eta sormenerako gune hau beste pauso bat izan da, Iturolan dugun eredua Beterri-Buruntzaldeako komunitaterekin saretzeko ateratako beste hari bat. Hasiera berri bat, beharrei erantzuteko, sormenetik eta sortzeko. Hariz hari bestelako errealitateak josteko. Izan ere, hori omen da ekonomia. Bizitza. Run-run piztuta gaituen hori.

* Argazkiak: Idoia Telleria (I Do Photography)

Start typing and press Enter to search

Iturola: Udazkeneko agenda kulturalaIturolan Euskara Ari Du